zirkua

Zirkuaren astegoiena ospatuko da Igorren

Asier Abrisketa 2024ko api. 30a, 16:46

Mr. Frank-en ikuskizuna domekan egongo da ikusgai, 12:00etan goiko frontoian.

Barikuan akrobazia eskolako ikasleen emonaldia, zapatuan Zirkozaurreko konpainiaren Harreman ikuskizuna eta domekan Mr. Frank eta Eleder Magoaren funtzinoak dagoz programauta.

Datorren astegoienean, maiatzaren 3tik 5era, Zirkuaren Asteburua antolatu dau Igorreko Udalak. Herriko txoko desbardinetan egingo dira emonaldi desbardinak baina eguraldi txarra eginez gero, Kiroldegira mobiduko dira kaleko ikuskizunak. Akrobazia eskolako ikasleen emonaldia barriz, bai ala bai egingo da Lasarte Aretoan.

Hau izango da hain zuzen be lehen ekintzea. Igorreko akrobazia eskolako ume eta gazteek atzen urtean ikasitako akrobaziak taularatuko ditue, Fantasien erreinua ikuskizun bateratuan. Hau barikuan izango da, 18:00etan, Lasarte Aretoan.

Hurrengo egunean, maiatzak 4, Zirkozaurre konpainia bilbotarrak eskainiko dau Harreman emonaldia, Goiko plazan, 19:00etan. Funtzino honek euskal musika tradizionala eta zirkua buztartzen ditu: “Harreman, zuztarretatik, identidadetik bidaia bat da. Ibilbide honetan, zirkuko teknikak berrasmatu egiten dira, gure melodia ezagunenakaz besarkatzeko eta eszena emozinoz eta konplizidadez beteteko”.

Domekan ostera, emonaldi bikotxa egingo da. Eguerdian, 12:00etan, Goiko frontoian Mr Frank (Xabi Larrea) zirkuko aktoreak magia, antzerkia eta zirkua bateratuten dituan ikuskizuna eskainiko dau. Malabareak, umorea eta inprobisazinoa erabiliko ditu, ikusleak parte-hartzaile bihurtuta. Gero, 13:00etan, Goiko plazara mobidu eta bertan Eleder magoaren magia ikuskizunak gozatuteko aukerea egongo da.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!