musikea

Zapatuan izango da VII. Lemoakustik Fest musika jaialdia

Asier Abrisketa 2024ko mai. 7a, 16:32

The Last Hidden Fox taldeak zarratuko da VII. Lemoakustik Fest jaialdia.

Arratiako Musika Eskolako taldeak, Jon Moma, Lorelei Green, Maria Vaquerizo, Aimar eta The Last Hidden Fox egongo dira entzungai, 12:00etan hasie ta iluntzera arte.

Lemoako Kultura eta Memoria Astearen egitarauaren barruan aurten be egingo da, zazpigarrenez, Lemoakustik Fest musika jaialdia. Maiatzaren 11n, zapatua, izango da musika akustiko eta lasaiaren jaia Kotxepin Kultur Etxeko atzeko landaren eta lorategiaren artean. Ohiturea danez, Arratiako Musika Eskolako bandek emongo deutsie hasikerea jaiari, 12:00etan. Gero, 21:00ak ingurura arte luzatuko da eguna, beste bost emonaldigaz.

Oholtzara urtengo dan lehen artista gonbidatua Jon Moma izango da, 13:00etan lorategian. Jon Andoni Moreno da bera, kantautore eta tronpeta-jole ermuarra eta disko bat dauka argitarauta, Universos (2021). Hau amaituta, 14:00etan, Kotxepin osteko landako oholtzara igongo da Leire Aparicio bilbotarra, Lorelei Green izen artistikoagaz. 2013tik, bere kanta propioak abestuten ditu gitarreagaz lagunduta eta disko bi ditu kalean, Aviones de papel (2016) eta Lava (2023).

Beste edizino batzuetan lez, aurten be egongo da Lemoakustiken Maria Vaquerizo kantautore lemoaztarra. Hau 17:00etan urtengo da taula gainera, lorategiko oholtzan. Arrastiko bigarren emonaldia Aimar gernikarrarena izango da, 18:00etan lorategian. Dientes de Luna taldearen kantaria izandakoak disko-liburu bat argitaratu barri dau bakarlari lez, Confesiones de un amor abstracto (2023). Aurtengo atzen kontzertua barriz, The Last Hidden Fox taldearena izango da, 19:30ean landan. Talde bizkaitar honek folk eta country musikea eskainiko dau eta disko bat dauka kalean, Sunflowers at Night.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!